XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaztainuzketako mendi etxeak

Leintz Gatzagako garapen plan orokorraren barruan

Orain hilabete inguru zabaldu ziren Gaztainuzketako mendi etxeak edo bungalowak.

Leintz Gatzagako Udalak bere garapen planaren barruan alojamendu gune baten beharra ikusten zuen.

Horrela, 1994. urtean udaletxeak Gaztainuzketako proiektu honi ebatu zion.

Gaur egun zazpi bungalow egin dira Gaztainuzketan, naturaren erdi-erdian.

Leintz Gatzagako txoko batean, pinudi eta pagadien artean kokatzen da Gaztainuzketa izeneko parajea.

Naturarekin harremanetan, 630 mtako altueran dago, han eta hemen Ullibarriko urtegira doazen errekatxoek zeharkatzen dutela.

Leku horretan kokatzen da hain zuzen ere Gatzagako Udalak martxan jarri duen proiektu berria: Gaztainuzketako mendi etxeak.

Azken urteotan Gatzagako Udalak landu duen garapen planaren barruan sartzen da alojamenduen eskaintza hau.

Gatzagako udalaren iniziatibaz sortutako proiektua bada ere, bikote batek darama mendi etxeen explotazioa.

Oraindik hilabete pasatu da zerbitzua martxan jarri zenetik baina zerbitzua martxa onean dela azaldu dute Lorenzo Larrañaga eta Montse Valerio senar emazteek.

Konstituzioko zubian denak okupatu ziren, Azaldu digu Montsek.

Deba Garaitik eta Gasteiztik hurbildu zaie jende gehiena baina Murtzia eta Almeriako jendea ere izan dute.

Ingurukoa izan da etorri den jendea, lagun koadrila gazteak batez ere.

Esperientzia berria

Lorenzo eta Montse Gaztainuzketan bizi dira.

Alojamendu zerbitzuaz arduratzeaz gain taberna eta jatetxeko zerbitzua ere beraiek daramate, garbiketa lanetarako beste laguntzaile bat badute ere.

Jatetxeko esperientzia lehenagotik ere bazuten, gainontzekoa berria izan da eurentzat.

Hasiera baten beldurra bazuten ere gogoz ebatu diote proiektu berriari.

Jendea gustora etortzen dela ikusi dugu eta horrek asko animatu gaitu

Bezeroak hotel batean baino tratu gehiago du gurekin eta aldi berean independentzia haundiagoa ere badago, norberak bere etxea du eta.

Sasoi baxuan zabaldu dute zerbitzua, egon daitezkeen akatsak ikusi eta hauek lehenbailehen konpontzeko.

Hasiera besterik ez da oraindik eta gauza asko gelditzen dira egiteko.

Alojamendua ezagutzera emateaz gain, turistei eskaintzeko proiektu gehiago jarri nahi dituzte martxan.

Zazpi mendi etxe

Guztira zazpi txabola daude Gaztainuzketan.

Egurrezko txabolak dira eta 36 lagunendako kapazitatea eskaintzen dute gutxigorabehera.

Bakoitzean 2, 4 edo 6 pertsona sartzen dira.

Bungalow bakoitzak sukaldea, egongela, logela (1 edo 2), bainugela eta berogailua du.

Honez gain premiazko beharrendako denda, erropa garbitzeko zerbitzua eta jatetxea ere badago.

Pertsona eta eguneko prezioa 2.500 pezetakoa da eta umeena berriz 1.500 pezeta.

Alojamendu mota hau ez da oso ezaguna gure artean.

Iratin, iparraldean eta Frantzia aldean badira horrelako esperientziak.

Gatzagako Udalak zerbitzu zabala eskaintzea gura zuen eta alojamendu mota hau egoki ikusi zuen horretarako.